Gaztelupeko Hotsak
EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAK

ALBISTEAK

KONTZERTUAK

KONTRATAZIOA

DISKOETXEA

MP3

ZURE SASKIA
 



Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Noizpop


Harpidetu boletinera


 Titiriteroen banda
Hemeroteka
Titiriteroen banda


Bertsoa eta munduko hainbat txokotatik gurera ekarritako doinuak uztartu ditu Karidadeko Bentak LEHENENGO DISKOAN

MIKEL LIZARRALDE - ZUMAIA

Talde ez ohikoa da Karidadeko Benta, inondik ere. Ez ohikoa taldekideen artean bertsolari bat, aktore bat eta arte plastikoetan aritzen diren bi lagun daudelako; eta ez ohikoa, flamenkotik, Marokoko eta Iraneko doinuetatik edo cha-cha-cha-tik edaten duelako euskal tradizioarekin lotura zuzena duen proiektu bat gauzatzeko.

Munduko musikak aipatu izan dira Karidadeko Bentaren proposamenaren nondik norakoak azaltzeko, baina hitz hori gero eta gutxiago gustatzen zaiela aitortu dute Jon Maia eta Inazio Tolosa taldekideek, Zumaiako kafetegi batean eginiko hitzorduan: «Ematen du horretara propio joan garela, baina oso modu naturalean sartu dira doinu horiek». Hain zuzen ere, Karidadeko Bentak aurrekaririk badu, garai bateko herri orkestratan eta jazbanetan aurkituko dugula dio Maiak: «Herri txikietako erromerietan aritzen ziren jazbanen bertsio eguneratua proposatzen dugu. Gelatxok, Kaxianok eta halakoek tangoa jotzen zuten, baina ez zen beren asmoa Buenos Airesko portuetako tangoak egitea. Musika kontzeptu bat hartu eta beren forma ematen zioten. Eta guk espiritu berarekin egiten dugu, nahiz eta haiek baino kontzeptu zabalago eta eguneratuagoa dugun».

Jon Manzisidorrek sortu du abesti gehienen musika, eta taldearen sonoritatea, neurri handi batean, bere errua dela uste dute Tolosak eta Maiak. «Balkanetako musika edota arabiarra gustatzen zaizkio eta hori islatzen da melodietan eta konponketetan. Baina, egia esan, guk geuk ez genuen Goran Bregovicen lana ezagutzen orain gutxira arte». Bregovicen izena, nolanahi ere, ez dago soberan Karidadeko Bentaz hitz egiterakoan, hark film batzuentzat eginiko lanetatik oso gertu baitaude zumaiarrak: «Asto batek tiratzen duengurdi zahar batekin Europan biraka eta leku bakoitzetik zerbait jaso eta bere erara moldatzen duen taldea da Karidadeko Benta». Espiritu «titiritero eta ijito» horrek lotura zuzenak erakusten ditu zenbaitetan Paulino Uzkudun abestian adibidez Paolo Conte edota Tom Waitsek landutako abesti batzuekin, baina baita ahuntzarekin kalera ateratzen diren talde xumeekin ere: «Ahuntzarekin ibiltzen diren familien musika gure erreferentzietako bat da zalantzarik gabe», dio Maiak.

Bertsoak egiten du Karidadeko benta (Gaztelupeko Hotsak) osatzen duten kantuen arteko lotura, eta Tolosaren ustez «proiektuaren sustraia bertsoan dago». Hain zuzen ere, bertsoaren eta musikaren arteko lotura espero baino errazagoa egin zaiela dio: «Ematen du bertsoa, musika aldetik, bide estu batean egon dela beti, eta gu saiatu gara bide hori zabaltzen. Adibidez, Mantxi azaltzen zen esaten zortziko txikirako doinu bat zuela eta musika arabiar bat zen. Ohartu gara munduko beste musika batzuek ere bertsoen neurria dutela. Gaur egun bertsoari oso lotuta daudela iruditzen zaizkigun doinuak garai batean ez ziren bertso doinuak. Irratian entzuten ziren, herrikoiak bihurtu eta gero bertsoak hartu eta bereak egin ditu».

Diskoa ixten duen kantua, Partiada tristea Ternuarat epopeia gogorra, izan liteke bertsoaren eta ez-ohiko doinuen arteko harremanen isla garbiena, duela hiru mende egindako kopla zaharrak iraniar kantu herrikoi baten doinuekin jantzi baititu taldeak: «Mantxi etorri zen melodiarekin eta perfekto egokitzen zen».

Bertsoarekiko lotura hori bere abesteko moduak indartzen duela deritzo Maiak, ez baitu bere burua kantari ikusten: «Nik ez dut abeslari izan nahi, nahiago dut bertsolari nortasun horretan mantendu. Garenetik zerbaiten bila ihes egin gabe, garen horretatik gure salda prestatzen saiatzen gara».

Pello Errotaren bertsoa

Pello Errotaren bertso ezagun bat eta bertsolariak han aipatzen zuen Karidadeko benta mitikoa daude Zumaiako taldearen oinarrian. Maiak dioenez, «garai batean esaten zen inoiz botatako bat-bateko bertso onena zela, sei izen sartzen zituelako hamarreko txiki batean». Baina bertsoaren lehenengo erriman azaltzen den Karidadeko bentaren misterioak piztu zuen Maiaren interesa: «Benta hartan sei bertsolari egotea eta hango gauetan batuko zen bertso, ardo eta festa giroa oso iradokitzailea egiten zitzaidan. Taldearen oinarrian ere ardo eta festa giro hori dago».

Villabona eta Zizurkil artean zegoen benta zaharrean ez bada ere, Jon Maiak, Aran Santamariak, Inazio Tolosak, Jon Manzisidorrek eta Imanol Manterolak ideien eta musiken benta txiki bat osatu dute: «Sortzaile bat baino gehiago elkartzen denean ez da buru argi bat egoten eta erabakiak kolektiboak hartzen ditu. Guk, behintzat, asko hitz egiten dugu, bakoitzak bere ideiak dituelako».

Diskoa joan den astean aurkeztu zuten Bilbon, modu bitxian aurkeztu ere. Taldearen jazban espirituari leial, Kale Nagusian jotzen hasi ziren eta hiru kantu bakarrik abestu bazituzten ere, hamahiru euro jaso zituzten. Gainera, eta horrek pozten du Maia, ikusle batzuek ekialdeko Europatik etorritako talde bat zela pentsatu zuten: «Entzun genien esaten zein azkar ikasi dugun euskaraz abesten».

Karidadeko benta

KARIDADEKO BENTA





Kontzertuak


Hemeroteka


Argazkiak


Webgunea


ARTISTAK
· AUDIENCE
· BIDE ERTZEAN
· JOSEBA TAPIA
· KARIDADEKO BENTA
· KEU
· MAL DE OJO
· MANDARIN DOTORE
· MIKEL URDANGARIN
· PETTI
· TAPIA ETA LETURIA
· TRES HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· ZAHARREGIA, TXIKIEGIA AGIAN
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

ES EN FR